Bonai Capote – Ginea Ekuatoriala

Ginean bertan hasi ziren ipuinak haien amarauna ehuntzen nire inguruan, ilunabarretan amonaren herriko haur guztiak aita, ama, aitona, amona, osaba edo izebaren inguruan biltzen ginenean haien ipuinak entzuteko. Ipuin haiek, batzuetan, egunetan zehar luzatzen ziren…
Ipuin haiek nire bizi-ekipajearen parte ziren neure uharte maitea utzi nuenean, zortzi urte nituelarik, “Zorionekoak” deituriko beste uharte batzuetara joateko, haietan hazi, hezi eta bizi naiz, eta haietan maite dut.
Denbora batez, ehundu nituen ipuin horiek nire printzesa eta nire bi printze txikiak oheratzeko, lasaitzeko, kontsolatzeko, mimatzeko, hezteko, dibertitzeko eta ametsetan murgiltzeko izan ziren…
Eta, halako batean, nire bizitzak aldaketa bat izan zuen, ez dakit halabeharrak edo amaraunak berak harrapatu ninduen, eta ni bihurtu nintzen ehuntzen zuen armiarma; ipuinak kontatuko zizkiena edozein tokitan entzuteko, amesteko… irrikaz zeuden beste seme-alaba, biloba eta ilobei.

“ANCESTROS”

Hitzaren zuhaitzaren ondoan kontatutako istorioak, narratzailearen begiak, ilargia eta sua gaueko argi bakarrak ziren garaian.
Garai hartan uharteak ez zuen Bioko izena, ezta Santa Isabel edo Ekuatore Ginea ere. “Eria” zuen izena, eta horrek “herria” esan nahi du Bubistarren hizkuntzan. Uharteko biztanleei ere “Eria” deitzen zitzaien; izan ere, haien ustez, gauza bera ziren lurra eta biztanleak.
“Ancestros” Bioko Uharteko (Ekuatore Ginea) Bubi etniaren ipuinez eta kantuz osatutako ikuskizuna da, eta Ekuatore Gineako Justo Bolekia Boleká hizkuntzalariak jasotako istorio eta erromantze tradizionalen bilduma batean oinarritzen da.

“Ancestros” osatzen duten istorioak urez, oihartzunez, naturaz eta jainkoz beterik daude.